domingo, 29 de noviembre de 2020

ZERGATIK NAUZU GORROTO?

 


Mundu guztiak gorroto nau. Bai, hala da. Inork ez nau bere ondoan nahi. Nire izena entzutean, ikara aurpegiak baino ez ditut ikusten. Ez dakit sentsazio hau inoiz bizi izan duzuen, baina ez da batere erraza zama honekin bizitzea. Zer egin dut nik hau merezi izateko?

Ni zure bizitza salbatzera etorri naiz mundura. Ahal dudan gogorren borrokatuko dut, zu senda zaitezen. Beti ez dut lortuko, tamalez, baina ez da nire esfortzu faltagatik izango, guztiok hainbeste gorroto dugun gaixotasun higuingarri honen erruz baizik. Ez existitzea gustatuko litzaidake… Badakizu zein gogorra den hori esatea?

Agian ez nintzateke existituko, pilula antisorgailuen erabilera ez balegoke hain ugaritua emakumeen artean. Minbiziaren Institutu Nazionalak dioen bezala, emakume batek ahotik hartzeko antisorgailuak zenbat eta denbora gehiago erabili, orduan eta handiagoa da umetoki-lepoko minbizia izateko arriskua. Hala ere, ia ez dugu honen inguruko kontzientziazio-kanpainarik ikusten. Agian ez da premiazko kontutzat hartzen, emakumeak baitira fenomeno honen kaltetu bakarrak. Gizonentzako ahozko antisorgailuak ez dira existitzen.

Nire existentzia ezabatzeko beste era bat Giza Papilomaren Birusaren (VPH) aurkako txertoa doan jartzea izango litzateke. Gaur egun bostehun euro balio du txerto horrek, hala ere, Osakidetzak duela gutxi egindako ikerketa batean, umetoki-lepoko minbizien ehuneko laurogeia Giza Papilomaren birusak eragina dela estalgabetu zen. Kasualitatea izango da, agian, baina gertakari honen kaltetu posible bakarrak emakumeak dira, baita ere.

Agian ez nintzateke existituko, minbizia bezalako gaixotasun bortitz hau ez bailitzateke gure artean egongo, baina, tamalez, hori ez dago nire esku. Nik proposamenak baino ezin ditut egin, adibidez, ikerketan inbertitzea. Agian, aurrez aurre esandakoa irakurrita, badirudi minbiziak emakumeei  bakarrik eragiten diela esan nahi dudala. Ez horixe. Oso ondo dakit gizonezkoek ere, zoritxarrez, minbizia eduki dezaketela. Hala ere, esan beharra daukat, nik sendatzen ditudan minbizi mota guztien artean, umetoki-lepoko minbizia, dudarik gabe, krudel eta bortitzenetakoa dela.

Umetokia emakumeek bakarrik duten organoa da eta, endometriosia bezalako gaixotasunek erakutsi dutenez, emakumeei bakarrik eragiten dieten gaixotasunen inguruan askoz ere gutxiago ikertzen da. Endiometrosia orain dela gutxi deskubritu den gaixotasun bat da. Urte askoan, emakume asko medikuarengana joaten ziren, mina eutsi ezinean, baina medikuek hilerokoarekin lotzen zuten beti mina. Gaur egun, min horietako asko emakumeei bakarrik eragiten dien endometriosiak gauzatuak direla dakigu.

Batzuek, agian, kasualitatetzat hartuko dute, baina oso diru gutxi erabiltzen da umetoki-lepoko minbiziaren inguruan ikertzeko. Prebentzio erak ere, askoz ere eraginkorragoak izan litezke. Ez al du, matxismoak, fenomeno honetan guztian eraginik izango? Nik dagoeneko badaukat erantzuna, baina ez dagokit niri gai honi buruz hausnartzea. Ni kimioterapia besterik ez naiz. Zuek, gizakiok, gogor borrokatu beharko zenukete bidegabekeria hauen aurka. Nik minbiziaren aurka borrokatzen dudan bezain gogor borrokatu beharko zenukete.

ikusienak/las mas vistas