Duela gutxi arte, Zigor Kodeko 178. artikuluak tipifikatzen zuen sexu-eraso delitua, hain zuzen, hauxe zioen: “delitu-egitatea indarkeriaz edota larderiaz gauzatu behar da”. Gauzak horrela, horietakoren bat egon ezean, sexu-abusua tipifikatzen duen artikulua aplikatu behar zen. Larderia kontzeptua, ordea, oso abstraktua da, eta, ondorioz, interpretazio zabalerako bidea ematen du. Hori dela-eta, Espainiako Estatuko epaileek Auzitegi Goreneko sententziek sortzen duten jurisprudentziara jotzen zuten, ahalik eta sententzia zilegiena diktatzeko bidean.
Jurisprudentziara jotzean,
baina, honako hau aurkitzen zuten; bi lege-betekizun ziren ezinbesteko larderia
egon zela baieztatzeko: alde batetik, zuzeneko mehatxua, hau da, erasotzaileak
objekturen bat edo hitz latzak erabili behar zituzten, biktimak,
eskatutakoa onartu ezean, kalte larriak jasango zituela sumatu
arte. Beste aldetik, esanbidezko aurkaritza, hala, biktimak argi eta garbi
adierazi behar zuen ez zuela sexu-harremanik eduki nahi, konfrontazioa sortuz
eta ezezkoa emanez, besteak beste. Ildo horretatik, mehatxua exijitzea neurriz
kanpokoa zen; esaterako, kasu batzuetan, egitatea gertatu zen lekuko
ezaugarriak kontuan hartuta eta erasotzaileen kopuru-eta fisiko nagusitasunari
erreparatuta, ondorioztatzen zen ez zela inolako hitz edota objekturik behar
biktimarengan mehatxu sentimendua gauzatzeko. Era berean, biktima oposizioa
erakustera behartzea neurriz kanpokoa zen; beldurraren eraginez, pasibotasuna
eta mendekotasuna erakustea ohikoa dela egiaztatu baitute aditu askok.
Sexu-eraso kasuetan
aplikatzen den jurisprudentzia aldatzea izan zitekeen bidea, haatik, Gobernuak
Kode Penala erreformatzea erabaki du. Horretarako, Sexu Askatasunaren Berme
Integralaren 1/2004 Legea, ("Soilik bai da bai" izenez ezaguna)
onartzeko lege-proposamena bideratu dio Diputatuen Kongresuko Batzorde
Iraunkorrari, ondoren, Kongresuan gehiengoz onartua izan dena (205 boto alde eta
141 kontra). Arauak sexu-abusu delitua desagerrarazi du. Horrek esan nahi du,
baimenik ez dagoen sexu-harremanetan sexu-erasoa aplikatuko dela, eta erasotzat
hartzeko, ez da zertan indarkeria edota larderiarik egon.
Tipifikazio berriko
deskribapena biktimaren onerako izan arren, lege berriak eztabaida piztu du.
Izan ere, sexu-erasoa jasotzen duen artikulu berriak espetxe zigorraren urte
tartea aldatu du. Erreforma egin arte indarrean zegoen tipifikazioan,
sexu-erasoa gauzatzen zuenak batetik bostera bitarteko espetxe zigorra bete
behar zuen (epaileak erabaki behar du egoera astungarri eta aringarriak kontuan
hartuta), oraingo tipifikazioan, ordea, batetik laura.
Legean ematen diren aldaketek
“atzera egoteko debekua” printzipioa dela-eta, gainontzeko zuzenbideetan ez
dute inolako eraginik. Zuzenbide penala, aldiz, salbuespena da. Zigorra bete
bitartean legea aldatuz gero, “REO”-ak eskubidea dauka unekoa aplikatzeko,
betiere, bere mesederako bada. Hortaz, lege berria onartu zenetik, kondenatu
askok iraganean ezarritako sententziak berriz aztertzeko eskatu dute. Momentuz
berrogeita-hamabi pertsonek murrizketa lortu dute; espetxetik
ateratzea, hamabik.
Gobernuaren esanetan,
“Sexu-eraso delituen arazoa konpontzeko ez da nahikoa sexu askatasun eta sexu
ukigabetasunaren babes penala, estereotipoak aldatzeko neurriak hartu behar
dira eta horren irtenbidea heziketan dago, ez zigor altuak ezartzean”. Horixe
omen da sexu-eraso delituaren oinarrizko tipoan jasotako zigorra murriztearen
arrazoia. Egia izan daiteke, hala ere, lege berriak ez ditu biktimak poztu;
erasotzaileak, ordea, bai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario