sábado, 6 de noviembre de 2021

ANDROZENTRISMOA

Sara Sálamo aktorea


Sara Sálamo aktoreak duela gutxi medikuntzan historikoki eman den androzentrismoa salatu du eta jaso dituen kritikak hain izan dira handiak, non barkamena eskatu behar izan duen. Harritzekoa da errealitate hutsa esateak sortu dezakeen iskanbila.

Ezin dezakegu ukatu medikuntza edota arkitektura bezalako arloak garatzeko orduan, androzentrismoak eragin zuzena izan duela; hau da, gizona izan da neurri eta ardatza, emakumea, ordea, ez da aintzat hartu.

Mendikuntzaren alorrean, adibidez, ikerketek erakutsi dute historikoki gutxiago ikertu dela emakumeek bakarrik dituzten organoen inguruan. Gizona araua bada, eta emakumea salbuespena, badirudi ez duela merezi salbuespenari bakarrik eragiten dioten gaixotasunei erreparatzea.  Endometriosis gaixotasuna da, besteak beste, baieztapen honen adibide argia. Endiometrosia orain dela gutxi deskubritu den gaixotasun bat da. Urte askoan, emakume asko medikuarengana joaten ziren, mina eutsi ezinean, baina medikuek hilerokoarekin lotzen zuten mina. Gaur egun, min horietako asko emakumeei bakarrik eragiten dien endometriosiak gauzatuak direla dakigu. Endometriosiak hamar emakumetik bati eragiten dio, gaur egun ezagutzen diren gaixotasun mingarrienetakoa da eta ez dago gaixotasunari aurre egiteko sendagairik.

Era berean, bihotzeko gaitzak ikertzerako orduan medikuek gizonen gorputzak izan dituzte erreferentzia gisa, emakumeen anatomiaren ezaugarri bereizgarriak alde batera utziz. Hain zuzen, Bihotzaren Espainiako Fundazioaren arabera emakumeek eta gizonek sintoma desberdinak dituzte bihotzekoa pairatzean. Esaterako, gizonek bularrean sentitu ohi dute mina, emakumeek, aitzitik, sabelean. Urte askoan zehar, gizonen eta emakumeen sintomak berdinak zirela zeritzoten medikuek, beraz, emakumeen sabeleko mina ez zuten bihotzekoarekin lotzen eta emakume gehienak hil egiten ziren tratamendua jasotzeko aukerarik gabe. Bihotzaren Espainiako Fundazioaren arabera bihotzekoak eragindako emakumeen heriotzen % 95 saihestu zitezkeen garaiz tratatu izan balira.

Androzentrismoaren eragina argi eta garbi ikusten den beste alorretako bat Arkitektura da. Izan ere, hiriak rol-esleipen baten ondorioz antolatuta daude. Alde batetik, genero maskulinoaren rolak produkzio-lanarekin izan du historikoki zerikusia. Gizonak izan dira historikoki kalera atera direnak, ordaindutako lanak izan dituztenak, baita balioztatuko lanak dituztenak ere. Bestalde, genero femeninoaren rola emakumeei esleitzen zaie, eta lan erreproduktiboarekin izan du historikoki zerikusia. Era berean, zaintzarekin lotzen da eta ordaintzen ez denarekin bat dator. Gaur egungo hiriak ikertzen baditugu, ikus dezakegu mundu produktiboaren beharrei bakarrik ematen dietela erantzuna, adibidez, leku gehiegi eskaintzen zaie autoei. Aitzitik, egunerokotasunean ohikoak diren lanentzako, hala nola, erosketak egiteko, traketsak dira; espaloiak estuegiak dira eta distantzia handiegia dago semaforo batetik bestera. Era berean, desgaitasuna duten pertsonak zaintzen dituztenak emakumeak dira nagusiki, eta  hiriak ez daude pertsona hauen laguntzaileentzat moldatuak.

Argi dago gaur egun rol-esleipenak aldatzen ari direla, gainera, feminismoak gogor salatzen ditu rol-esleipenak, izan ere, zaintza-lanak beti emakumeek aurrera eramatea eta ordaindutako lanak beti gizonezkoek edukitzea ez da bidezkoa. Hala ere, historikoki rol-esleipenak horrela banatu dira, eta hiriak desberdintasun hori kontuan izanik eraiki dira; boterea eta garrantzia beti gizonezkoei emanez.

Hortaz, esan beharra dago Sara Sálamo aktoreak egia baino ez duela esan. Andozentrismoa errealitate hutsa da, eta Medikuntza edota Arkitektura alorretan eragin zuzena du. Ezin ditut Sálamo kritikatu duten pertsonak ulertu: Zergatik ukatzen dute errealitatea?

Gizarte berdintsuago bat eraiki nahi badugu ezin ditugu ukatu emakumeok orain arte bizi izan ditugun bidegabekeriak. Horrela ez dago aurrera egiterik. 


1 comentario:

ikusienak/las mas vistas