lunes, 24 de enero de 2022

MATXISMOAREN ERAGINA GENERO-INDARKERIKO HILKETETAN

 


1997. urtean, Ana Orantes etxeko andreak senarraren eskutik jasandako kolpe eta bortizkeriak deskribatu zituen telebistako programa batean. Hurrengo egunean, senarrak bizirik erre zuen Orantes, bere bost seme-alaben begiradapean. Herritarren asaldura hain izan zen handia, non Espainiako Gobernuak neurriak hartu behar izan zituen, hala nola, bikotekideak edo bikotekide-ohiak eraildako emakumeak zenbatzen hasi zen. Hala ere, Ana Orantes ez da gaur egun Genero-Indarkeriaren biktimatzat hartzen, 2003an hasi baitzen Gobernua horiek zenbatzen. Ordutik, 1114 emakume izan dira erailak Emakumeen Aurkako Indarkeriaren ondorioz.

Bi urte geroago, 2005ean, hilketa horien zifrak neurriz kanpokoak zirela antzeman zuen Espainiako Gobernuak. Hori dela-eta, indarkeria mota hori matxismoak eragindako gertakari sozial (gaitz sozial) gisa hartzen hasi zen gizartea, eta ez kasu isolatu gisa. Haatik, Gobernuak Genero-Indakeriaren Aurkako Babes Osorako Lege Organikoa onartzeko lege-proposamena sustatu zuen, ondoren, Diputatuen Kongresuan gehiengo osoz onartua izan zena.

Oraintsu, Vox alderdi politikoak aipatutako legea bertan behera uzteko eskatu dio Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorrari, gizonekiko diskriminazio-egintza dela baiteritzo. Alderdi horren ustez, matximoak ez du inolako zerikusirik krimenekin. Aipatzekoa da, Vox ez dela baieztapen hori egin duen bakarra izan; botere judizialeko kide batek, hain zuzen, Auzitegi Goreneko Antonio Salas epaileak  honako hau esan du berriki: alkohol-eta droga-abusua emakumeen kontrako indarkeriaren egintza gehienen atzetik dagoela eta erasorik gehienak estres-maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen direla. Era berean, matxismoa ez dagoela gaitz horrekin erlazionatua.

Aitzitik, esandakoa ez da zuzena. Pilar Alvarezek burututako ikerketa batean, indarkeriko 631 epaieetatik 35etan (% 6 baino gutxiago) baino ez dela alkohol eta droga-abusua ageri antzeman da.  Bestetik, hilketa gehienetan erasotzaileak biktima (hiltzeko asmoarekin) itxaroten duela argi ikusi da; suminkortasun-krisiak edota bat-bateko amorruak oso eskasak dira.

Aurrekoarekin jarraiki, ezin daiteke esan matxismoak krimen horietan eraginik ez duenik. Izan ere, gizartean badago gizonari mesede egiten dion botere asimetria bat, eta historikoki boterea duten kolektiboek bortitzkeria sustatu dute gainontzekoengan, hala nola, arraza edota klase zapalkuntzan.  Gainera, gizarteak (heteropatriarkatuak) gizon eta emakume izateko arau zehatzak esartzen ditu. Esaterako, gizonek maskulinitate hegemonikoaren eragina jasaten dute gaztetatik, eta horrek jarrera bortitzak hartzera bultzatzen ditu. Era berean, sistemak emakumeak subjetu baliogabeko, babesgabe eta eskuragarri gisa erakusten ditu.

Bestalde, esan beharra dago Genero-Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Lege Organikoa ez zaiola emakume orori aplikatzen, bikotekidea edo bikotekidea zenak gauzatutako emakumeen hilketak baino ez baititu jasotzen. Hortaz, ezezagun batek emakume bat hilko balu edota bezero batek prostituta bat hilko balu (tamalez, sarritan ematen diren gertaerak) horiek ez lirateke Genero-Indarkeriaren biktimatzat hartuko eta, ondorioz, ez litzateke legea aplikatuko. Horrenbestez, ezingo genuke baieztatu aipatutako legea gizonekiko diskriminazio-egintza denik, emakume izateak, berez, ez baitu lege horren babesa ziurtatzen.

Aurreko lerroetan aipatutakoa kontuan izanda, esan dezakegu emakumearen aurkako indarkeria den fenomeno soziala geldiarazteko beharrezkoa dela 2005eko Lege Organikoa. Halaber, bada Genero-Indarkeriarekin bukatzeko beharrezko beste kontu bat: matxismoak emakumearen aurkako indarkerian eragina duela onartzea. Ezin genituzke eraso matxistak gainditutzat eman kasu isolatu hutsak direla usteko bagenu, arazoaren ardatza galduko baikenuke.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

ikusienak/las mas vistas