viernes, 26 de noviembre de 2021

HISTORIA ETA HISTORIAK KONTATU EZ DIGUNA


Feminismoaren historia jorratzea funtsezkoa da mugimendua hobeto ulertzeko. Sufragistek sortutako kaleetako mugimenduetatik, Simone de Beauvoirrek sortutako unibertsitateetako eztabaidetara, feminismoa urtez urte indartu den mugimendua  da.

XIX. mendean, Feminismoak emakumeen botoaren legitimazioa lortzeko ahaleginak batu zituen. Lehen pauso hau sufragista deitutakoek gauzatu zuten, sufragioa (bozkatzeko eskubidea) emakumeengana hedatzea bultzatuz, horrela, bizi zuten berdintasun ezaren aurka borrokatzeko. Hala ere, ez ziren gutxi izan lehe horren aurka agertu zirenak. Gauzak horrela, bozkatzeko eskubidea lortzeko, feminismoak gaur egun logikoak diruditen hainbat faktore argudiatu behar izan zituen, hala nola, emakumeak ez zirela gizonak baino inozoagoak, ezta arduragabeagoak ere. Era berean, feminismoan bertan batzeuden emakumeen botoaren kontra zeudenak. Espainian, adibidez, emakumeen boto eskubidea eztabaidatzen zenean, Victoria Kent ezkertiarrak honako hau esaten zuen: "Ezin zaie emakumeei bozkatzeko eskubidea eman, eskuindarrei emango baitiete botoa". Kenten esanetan, hobe zen emakumeek ez bozkatzea eskuineko alderdi politiko bati bozkatzea baino. Clara Campoamor izan zen, Espainian, emakumeen botoa publikoki aldarrikatu zuen lehen politikaria. Berak 1193 urtean Gorte Nagusien aurrean egindako hitzaldia da, hain zuzen, Espainiako historiako momentu garrantzitsuenetakoa.

Feminismoaren historiaz hitz egiteko orduan, ezinbestekoa da Simone de Beauvoir aipatzea. Filosofo eta irakasle horrek bere haragitan bizi izan zuen aitaren matxismoa, semea izan beharrean, alaba izateak gauzarzen zion samina behin eta berriro gogorarazten baitzion.  Berak idatzitako liburuak feminismoaren erreferentetzat hartzen dira mundu osoan zehar, batez ere, 1949. urtean argitaratutako "Le Deuxième Sexe” liburua. Simone de Beauvoirren hausnarketa askok eragin zuzena izan dute gaur egungo feminismoan; izan ere, feminismoa eskubideen konkista hutsetik haratago hazi da, bizi dugun egitura soziala aztertzera pasatuz. Ildo honetan, aipagarriak dira Virginia Wolf eta Kate Millet bezalako idazle feministak. Haiek idatzitako liburuek feminismoa teoria filosofiko eta politiko bilakatzea eragin dute. Ezin daiteke kaleetako protesten garrantzia alde batera utzi, baina esan beharra dago, teoria honetan sakontzeak pisu eta ospe berezia eman diola feminismoari.

Iraganari begira, aipatzekoa da badirela hainbat emakume, feminismoaren historian garrantzi berezirik izan ez arren, artearen edo zientziaren esparruan eragin handia izan dutenak. Ikerlari feminista askok frogatu dutenez, aurretiaz ezagutzen ditugun gizon famatuen arreba zein emazteak izan ziren gizon horien lanen benetako egileak. Hala ere, matxismoaren eraginez, emakume hauek isilduak izan ziren.

 Ildo honetan aipagarria da, besteak beste, Maria Anna Mozart, Mozart musikariaren arreba eta musikariaren obra ezagunenen sortzailea.  Arreba zen, bere aitaren esanetan, bi seme-alaben artean talentu gehien zuena, hala ere, garai hartan musika-sorkuntzak saltzen zituzten emakumeak prostitutatzat hartzen ziren, beraz, inoiz ez zuen musikaria izatera bultzatu.                                                                                                                            Era berean, Margaret Keane artistaren historia da aipagarria oso, Walter Keane margolari ospetsuaren emaztea izan zena.  1960ko hamarkadaren hasieran, Walter Keane Ameriketako Estatu Batuetako artistarik ospetsuenetako bat zen, baina Walterren margolanak Margaretek margozten zituen. Bikotea banatzean, Margaretek salatu egin zuen Walter, eta epaileak benetako egilea nor zen egiaztatzeko,  koadro bat zuzenean margotzea proposatu zien biei. Walterrek sorbaldako mina zuela argudiatzen zuen bitartean, Margaretek koadro bat margotu zuen 53 minututan, epaiketa irabaziz. Azkenik, Mileva Maric serbiar matematikaria gogorarazi beharra dago, Albert Einsteinen lehen emaztea eta, zientzialari askorentzat, erlatibotasunaren teoriaren benetako asmatzailea.

Feminismoaren aldarrikapenetako bat emakume isilduak gogoraraztea da, hortaz, feminismoaren historian goraipagarriak izan diren emakumeak aipatzean bezain garrantzitsua da emakume horien istorioa kontatzea.

 


No hay comentarios:

Publicar un comentario

ikusienak/las mas vistas