Aurreko egunean autobus geltokian nengoela, honako mezu hau irakurri nuen publizitate-panel handi batean: “Sentitu zaitez garbi!”. Emakume irribarretsu bat zegoen panel handi hartan, eskuan tanpoi pakete bat heltzen ari zena. Alajaina! hilekoa izateak “zikin” sentiarazten al gaitu? Horrexegatik behar al dugu “garbi” sentiarazten gaituen produktu bat? Egia esan, ez nuen horren berririk. Hurrengo egunean lagunekin komentatu nuen, hilekoa izateak inoiz ez ninduen “zikin” sentiarazi, beraz, ez nuen mezu horren funtsa ulertzen, aitzitik, jasotako erantzunek asko harritu ninduten. Badirudi ohikoa dela emakumeek hilekoa izatean, haien burua “zikin” sentitzea eta ohizkoa den baino gehiagotan garbitzea. Tristezia sentsazio antzekoa sentitu nuen hura entzutean, hain da naturala hilekoa izatea, hain da beharrezkoa, zein ezin nuen ulertu nola eragin zezakeen zikintasun sentipena.
Informazio berri hau izanda, nire ingurua behatzen
hasi nintzen, eta gutxinaka-gutxinaka ulertu nuen normala dela emakumeak
horrela sentitzea, gizarteak berak lotzen baitu hilekoa zikintasunarekin. Tanpoi
edo konpresa iragarkietan, adibidez, odola urdin kolorez ageri da eta testurak
ez du benetako odolarekin inolako zerikusirik. Gainera, “Feminist Current”
aldizkariak bultzatutako ikerketa batetan, nabarian geratu zen geroz eta
emakume gehiagok erabiltzen dituztela tanpoiak konpresak erabili beharrean,
kuleroak jaistean odola ikustea ez baitute gustuko. Hala ere, ginekologo orok
dio emakumeontzat oso garrantzitsua dela hilekoan isuritako odolari
erreparatzea, kolorea edota testura aldatuz gero, gaixotasun asko goiz
diagnostikatu baitaitezke.
Aurretiaz aipatutako informazio bilketa hartan, beste
herrialde batzuek hilekoaren inguruan dituzten mito eta kondairak aurkitu
nituen, bitxia iruditu zitzaidan hilekoak beti ezezkotasun eta arbuio
ikaragarria eragitea. Tanzanian, hala nola, hilekoaren odola ikusteak madarikazioa eragiten duela uste da, beraz,
neskek beste alde batera begiratzen dute hilekoaren isurketa gelditzeko
erabiltzen dituzten trapu eta zapiak aldatzean. Bestalde, Indiako toki askotan,
emakumeak ezin daitezke sukaldean sartu hilekoa dutenean, janaria ustelduko
delakoan. Nepalen emakumeak isolatu egiten dituzte hilekoa dutenean, txaboletara
edo 'gela ilunetara' bidaltzen dituzte. Azkenik, aipatzekoa da Japoniako
egoera; emakumeek hilekoarekin oreka eta
gustuaren zentzua galtzen dutela sinesten da, beraz, gutxi dira emakumezko
sukaldari ezagunak.
Informazio bilketa eta hausnarketa honen ondoren, esan
beharra daukat galderak baino ez datozkidala burura. Alde batetik, gizarteak
ikaragarri goraipatzen du amatasuna eta haurdunaldia; abortuaren aurkako legeek
garbi egiaztatzen dute baieztapen hau. Era berean, amatasuna aukeratzen ez
duten emakume asko epaituak izan ohi dira, seme-alabak noiz izango dituzten
galderari etengabe erantzutera behartuak izanik. Beste alde batetik, hilekoaren
inguruan arbuio eta ezezkotasun ikaragarria nabari daiteke, fenomeno natural
hau zikintasun eta gaitzarekin lotzen delarik. Honenbestez, honako hau
litzateke nire hausnarketa: jakinda emakumeek hilekoa izatea umeak edukitzeko
baldintza bat dela, nola liteke hori gaitzestea?
Neure buruari galdetzen diot ez ote diren, hilekoarekiko
mito eta mezu negatiboak, emakumeoi oztopo gehiago jartzeko estrategia bat. Burua
makur dezagun erabilitako beste aitzakia bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario